XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Olio-langileen (orotara: 70.000) 1978ko urriko erreibindikapenei begiradatxo bat eman dezaiegun: 1. lege martzialaren amaiera.

2. preso politiko guztien askatzea. 3. olio industriaren iranizatzea.

4. komunikazio guztiak pertsieraz izatea. 5. atzerriko enplegatu guztiek aldegin dezaten.

6. emakumeen aurkako diskriminazioaren amaiera.

Eta abar, besteak beste gobernuaren ofizial altu eta ministrari ustelen zigorra... Esan nahi baita: 70.000 langile horiek guztiz erreibindikapen politikoak zituzten.

Eta Irango ekonomiarentzat ikaragarrizko kolpea izan zen: industriaren produkzioa 1978ko bigarren erdian 42an jeitsi zen, eta estatuaren irabaziak aurreko urtekoen aldean %21ean jeitsi ziren.

1978ko uztailean Irango grebalarien eskakizunetatik %30a, baldin bazegokion politikari (gaineratikoan jornal hobeak, ordu-murrizketak e. a. eskatzen zirelarik), kopuru hori urte bereko urria-azaroan %80ra igo zen, eta 1979ko otsailez ez zen erreibindikapen politikorik gabeko protesta mugimendurik.

Gobernuak azenarioa eta egurra erabili zituen.

Alde batera, urtean hiru opor-egun gehiago ezagutu zien langileei; denbora baino lehenagoko erretiratuei soldataren ordainketa osoa ezagutu zien; e. a. Beste alde batera, disziplina neurri berriak ipini zituen: ez utzi lana baimenik gabe; enkargatuak errespetatu; ordenak obeditu; e. a. (irailaren 11ko dekretua) langileek serio hartzeko moduko zerarik ez behintzat.

Assef Bayat-en arabera, mugimenduaren buruzagiek bazekiten, momentu bakoitzean, zertan ari ziren, esan nahi baita, noiz zein erreibindikapen aurrera atera eta zein helburu taktikoz, e. a.: prozesua kontrolatzen zuten alegia.

Arj lantegiko langile batek: Iraultza baino lehen, sindikatokoak ginen gu.

Lantegi barruan manifestatzen ginen eta, aldizka, kanpoan.

Efektibotasunagatik, eta besteekin koordinatzeagatik, koordinazio-batzorde bat sortzea erabaki zuen sindikatoak.

Lantegian lantegiko buruzagiak sortu ziren: ez zen izan, beraz, lantegiez kanpoko buruzagitzarik, ez partidurik, ez erlijio instituziorik, ez besterik ere.

Langileen eta fabriketatik kanpoko oposizio politikoaren arteko harreman organikoa oso zen zalantzazkoa.

Fabrika liderren artean, hiru sailetatik topatzen ditugu: ezkertiar ideiek kutsaturikoak; erlijio-zirkuluetatik etorritakoak; eta sindikato-zaleak, nolabait esan.

Alta bada, ez eskualde, ez noski nazio mailako batzorde koordinatzailerik osatu zen prozesu guztian.

Husgune horixe aprobetxatu zuen Jomeiniren taldeak, iniziatiba bereganatzeko.

1979ko urtarrilaren 20an, talde horrek CCIS (inglesezko sigletan) sortu zuen: Greben Koordinaketa eta Azterketarako Batzordea.

Batzordekideak, hiru erlijiio-gizon liberal: Bazargan, Y. Sahabi eta Moinfar; eta bi elizgizon: Bahonar eta Rafsanjani.

Batzordearen lehen helburua: Herriaren beharrizan premiazkoenekin erlazionatutako eta estatuarentzat hil-ala-biziko diren sailetako grebak bertan behera utzi araztea.

Urtarrilaren 30erako (altxamendurako hiru aste falta zirelarik) CCISek 118 produkzio unitate lanera itzuli zitezen lortu zuen.

CCISen arabera, baitezpadakoa zen, iraultza garaituko bazen, unitate horietan lan egin zedin.

Aldi berean, fabriketako batzordeak (shurak) sendotuz zihoazen.

Herrietan ere sortzen ziren shurak, iparraldean bati-pat (azeriar lurretan, Kaspiar itsaso ondoko probintzietan), eguneroko arazoak erabiltzen zituztenak.

Sail desberdinetako grebalarien artean koordinaketa minimoak erdiesten ziren: petrolioaren langileek eta trenetakoek akordio bat iritsi zuten, bigarrengoek etxe-kontsumorako behar zen fuela karreiatu zezaten.

Horrelako akordioez behinik-behin, herriak zer-jana izan zezan, legea eta ordena administratu zitezen, higiene publikoa zaindu zedin lortu zen hainbat lekutan.

Shurek bestalde, biktima iraultzaileen familiekiko solidaritatea, panfletoen zabaltzea, manifestazioen koordinatzea hartzen zuten beren esku.

Otsailaren 1ean: Jomeini iristen da Parisetik Irana.

Otsailaren 1Oean: altxamendu orokorra.

11an: Bakhtiar-ek aldegiten du.

Islamiar iraultzaren garaipena aldarrikatzen da.

13an: Jomeinik lanerako itzulia agintzen du.

1979an zehar sortu ziren shurak.

Fabrika langileak ordezkatzen zituzten, eta beren helburu nagusia hauxe zuten: langileen kontrola ziurtatzea.

Bayat: Errusiako 1917ko iraultzako lantegi-batzordeak ez bezala, fabrikaz kanpoko joera ezkertiarrek ez zuten shuren gainean halako eraginik izan, eta ez ziren behikulo bat izan aldaketa sozialerako.

Beren burua langileen kontrola eta industriaren barneko botere harremanen aldaketa eskatzera mugatu zuten.

Shurek lau etapa igaro zituzten: Lehengoa, 1979ko otsailetik (altxamendua bete-betean) urte bereko abuztura bitartean (lehenbiziko errepresio bolada, erakunde ezkertiarren eta egunkari aurrerakoien debekatzea, militarren eraso gogorrak Kurdistanen, e. a.).

Inestabilitatea, harreman kapitalisten koloka, langileen borrokaren boterearengandiko independentzia aurkitzen ditugu etapa honen ezaugarri bezala.

Bigarrena, 1979ko irailatik 1981eko ekaina-uztaila bitartean.

Lantokietan goitikako kontrola inponitzen hasten da.

Shurak ahultzen hasten dira, kontrol organo gisa.

Mugimendua ofentsibatik defentsibara pasatzen da.

Hainbat shura independiente ezerrezten dira etapa honetan, hala nola Teheran mendebaldeko langileen shuren Batasuna, Gilan-go langileen shuren Batasuna (300.000 langilez), e. a.

Hirugarrena, 1981eko ekainetik (oposizioaren exekuzio masiboak) 1982ko udara bitartean.

Elizgizonak erabat nagusitu dira, eta bai liberalak bai ezkertiarrak garbitzen dituzte.

Islamiar Elkargoek eskuratzen dute boterea lantegietan.

Hainbat lantegi militarizatzen da.

Shurak, gobernuaren aldeko izanik ere, debekatzen dira, formalki.

Laugarren etapan Islamaren aldeko indarren barru egonezinak suertatzen dira.

Islamic Republican Party-ko buruzagi zenbaiten ustetan, Islamiar Elkargoek beren misio historikoa, hau da, zuzendaritza liberalak eta shura independienteak deuseztea, bete dute eta ondorioz kultur ekintza eta ekintza sozialetara behar dute mugatu aurrerantzean Islamiar Elkargoek ez dute noski erraz irensten botere galtze hori.

1979ko otsailaren 14ean, Jomeinik lanerako buelta agindu zuen beraz.

Eta langileak, itzuli egin ziren.

Buruz buru, hiru arazo tiporekin aurkitu ziren.

Batetik, konstrukzioan batez ere, nagusiek negozioak itxi zituzten eta hanka jokuan atera ziren Irandik; langile horientzako ezer ez zen gelditzen, ezer berengana zezaketenik alegia: horietarik asko lanik gabe geldituko ziren.

Bestetik, dena bertan behera utzi eta atzerriratu ziren industrien nagusiak ditugu.